XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Odolki txapelketa berrikuntzen artean

Eguberrietako aparteko peria hilaren 30ean ospatuko da aurten.

Bertan, ohiko postuez gain, ez dira faltako kapoi, indioilar eta antzarren erakusketa, Euskal Herriko errezil sagarren lehiaketa, fruitu lehiaketa, fruitu lehorren erakusketa eta ardi latxa eta aharien erakusketa.

Baina asteazken honetakoan izango da nobedaderik.

Lehendabiziko aldiz Gipuzkoako odolki txapelketa egingo da Beti Alai pilotalekuan.

Gipuzkoako harakin eta txarkuteroen elkarteak antolatutako lehiaketa izango da berau eta odolkia promozionatzea du helburu.

Euskal Jaietan egindako peri berezian bezala, oraingoan ere asteazkenero etortzen diren baserritarrek aparteko lehiaketa izango dute.

Honetarako, kontuan hartuko dute epaimahaikoek baserritarrek euren postua nola apaintzen duten eta baserriko produktuen kalitatea, fruta eta barazki alorrean.

Igeriketa txapelketa

XVI. Eguberrietako Aldundiko Sari Nagusia jokatuko da abenduaren 29an, asteartea, Majori Kiroldegian. Urtero bezala egungo igerilaririk onenak ikusteko aukera izango da igerilekuan.

San Silbestrea

Ordizian ere San Silbestre Proba egingo da ostegunean.

Vallecasekoak bezain garrantzitsua ez bada ere jende sail mordoa biltzea lortzen du urtero hemengo lasterketak.

Ibilbidea ohikoa izan da eta adin guztietakoek izango dute korrika egiteko aukera.

Nagusienak 18:30etik aurrera aterako dira udaletxe ataritik.

Filipineta kale ia amaierako etxea bota berri dute argazkian ikus daitekeen bezala.

Datorren mendean sartzearekin batera erabat itxuraldatuko da Filipinetako ingurune hori.

Arau subsidiarioetan azaldu genizuen bezala alderdi horretan etxebizitza berriak joango dira.

Kirol balantzea

Gabonetako geldiunea aprobetxatuz herriko kirol talde nagusienen balantzea egiteko garaia iritsi da.

Eta hasi Errejional mailako futbol taldearekin hasi behar.

Preferentetik jaitsi berria izaki sailkapeneko goi postuetan ibili ordez azken aurreko postuan baitago burua ezin altxaturik.

Denboraldia luzea da oraindik eta ziur zulo horretatik ateratzeko ahalmena izango dutela.

Jubenil mailako bi taldeak ere ez dabiltza batere fin, Euskal ligan bata eta bigarren mailan bestea azkenaurrenak baitira.

Kadeteak beraien dagokien multzoan erdialdean sailkatuta daude.

Denboraldi nahikoa irregularra daramate orainartean.

Areto futboleko neska taldea ere denen antzera partidu bakarra irabazita sailkapeneko azken postuetan daude.

Eta futbolean gauzak beltz badaude zer esanik ez saskibaloian.

Nagusiak neurketa bat irabaztea zer den ez dakitela dabiltza.

Emakumezkoak, berriz, sailkapeneko erdialdean.

Momentuz poztasuna ekartzen duen talde bakarra eskubaloian dabilen Hiper Armendariz da, beasaindarrekin batera talde buruak baita.

Manris eta Valor-ek zuzendutako taldea denboraldi txukuna egiten ari da, orain arte bi neurketa bakarrik galduaz.

Rugby taldea ere ahal duen guztia ematen ari da aurten estreinatu berria duen goi maila horretan.

Orain arteko neurketa askotan zortea falta izan duten arren, maila ona erakusten ari dira.

Dirulaguntza banaketa

Iparra-Hegoa Kooperazio Programak garatzeko eman beharreko dirulaguntzak erabaki berri ditu Udalak.

14 proiektu desberdin aurkeztu zituzten gobernuz kanpoko hainbat erakundek eta azkenik Udalak 6ri laguntzea erabaki du.

Guztira ia 6 milioi emango dira eta honela banatuko dira: Ekuadorreko Erlezain kooperatiba sendotzeko milio bat emango da (ADSIS), Indiako etxekoandreei bufalo emeak emateko 1.100.000 pta. (ADT).

Gineako etxebizitzak saneatzeko aurrekoari bezainbat emango zaio (Hnas. de la Caridad), Guatemalako irakasle maien trebakuntzarako Manos Unidasi milioia pasatxo emango zaio.

Guatemalako odontologoen trebakuntzarako Mugen Gainetik erakundeak milioia eta hirurehun pezeta hartuko ditu.

Azkenik 325 .000 pta. Tibet aldera joango dira Ropkaren bidez, bertan osasun eskola eraikitzeko asmoz.

Gainontzeko eskaerak atzera botatzeko hainbat arrazoi izan dira, hala nola finantziatzeko aukera eskasak izatea edo dirubanaketen irizpideetatik kanpo egotea.

Errege kabalgata

Olentzeroren etorrera izan genuen urtea amaitu aurretik.

Eta orain txanda Ekialdetik datozen 3 Erregei dagokie.

Urtarrilaren 5ean Bustuntzatik hasita herriko hainbat kale pasako dituzte Erregeek Enparantza Nagusira iritsiaz. Katekesiak antolatuko du oraingoan ere ekitaldia.

Lidia Frias

20 urteko Altamirako neskatxa aipagai dugu berriro ere.

Baina oraingoan ez da atletismoan lortu dituen emaitza onen ondorioz, Miss Gipuzkoa ospakizunaren ondorioz baizik.

Izan ere, jokatu berri den aipatu lehiaketan aurkeztu zen Lidia eta bertan, sarituen artean izan genuen. Beraiekin lehian ibili ziren neskek hala erabakita Miss sinpatia saria eskuratu zuen.